Ibai bat ibilbide bat da. Inguru bat zeharka-tzen duen ibilbide bat, errepide bat, bidezidor bat, mendikate bat edo amildegi bat, baina aurreko guztiak ez bezala, ibilbide dinamiko bat da. Nonbaitetik datozen ur tanta batzuk, beste nonbaitera bidean doazenak. Ibai baten ertzean hari begira geldi dagoenari bi zalantza etorriko zaizkio burura, gutxieneko jakin-min bat badu, bederen: nondik dator eta nora doan. Bi galdera hauek makina bat pertsona mugiarazi dituzte urteetan zehar mundu zabaleko hamaika ertzetan. John Hanning Spek eta Richard Francis Burton britaniarrak izerdia eta osasuna utzi zuten Nilo ibaiaren iturburuaren bila. Francisco de Orellana espainiarrak, aldiz, Amazonas ibaia osotasunean nabigatzea izan zuen helburu eta buruhauste.

Esploratzaile etiketa bidaiari edo turista xumera jaitsita, etxe ingurutik gertu igarotzen den ibaiaren bi ertzak ezagutzea otu zait. Aurreko batean ibaia non itsasoratzen den ikusi nuen, oraingoan, Ebroren iturburua ezagutzea dut asmoa.

Zadorra ibaiak bere nagusiari urak eskaintzen dizkion lekuan bertan hasi naiz pedalei eragiten urteko bigarren egun hotz batean. Nire gibelean utzi ditut Errioxako mahastiak, Zaragoza inguruko lautada monotonoak, paisaia lehorrak eta ibaiaren Delta erraldoia. Aurrean, artadiak, pagadiak eta Ebrok burugogor zulatu behar izan dituen haitzak dauzkat. 

Eguraldi euritsu eta astuna izan dut hasiera-hasieratik, zorionez, baina, paisaiak bideari ekiteko indarra eman dit, mendi magal batean txirrindulari sufrituari txalo eta oihuak eskain-tzen dizkion zaletuak bezala. Arabaren ertzean, Sobron herrian, izen bereko arroilan sartu naiz harkaitz handien alboan txiki sentituz. Urtegiaren ertzean, haitzari lapurtutako zatian eraikitako errepidean, lasaitasuna da nagusi. Tunel bat, bihurgune bat eta arroilaren atea ireki egin da, Tobalinako bailarara sarrera emanez.

Zabalgune honetan, ibaiaren meandro ia itxi batean, porlanezko kubo handi batekin egin dut topo, Garoñako zentral nuklearra. Ascóko zentralarekin batera, Ebroko ur emariaz baliatzen den (zen) instalazioetako bat. Ibaia errepidez jarraitzea zaila da, izan ere, ur lerroa bihurritu egiten da hara eta hona joanaz, eta, gainera, ez naiz gai Ebro ibaia eta bere adarrak desberdintzeko, emariz eta zabaleraz an-tzekoak dirudite eta. Frias bezalako herri ikusgarriek etenaldi bat egiteko parada ezin hobea eskaintzen didate. Valdivielso haraneko zabalgunea gurutzatu ostean, gauerako babesa hartu dut Incinillas herriko ermita baten aterpean kanpin denda jarriaz. 

Puntu honetatik aurrera, herri gutxi eta biztanle gutxiagoko inguru batean barneratu naiz. Une batzuetan errepiderik ez dago Ebroren inguruan, eta ibaiaren alboan tinko mantentzen den GR-99 ibilbide luzearen marka txuri-gorriei jarraitu diet. Hau da, asto bideetan barrena sartu naiz, Ciudad de Ebro eta Tudanca de Ebroren artean dagoen Desfiladero de los Tornos-en, esaterako.

Paisaia aldetik ikusgarria da hurrengo kilometroetan Ebroko urek harkaitzetan egindako lorratza. Hoces del Alto Ebro y Rudón parke naturalaren inguruak dira hauek, ikuspegi ederrez gain, Ebro abizena duten herritxo txikiak ezkutatzen dituztenak. Milaka urtetan inurri lana eginez sorturiko arroila honetako meandro zentzugabe eta estu batean ur jauzi baten gainean eraikitako Orbaneja del Castillorekin egin dut topo, ezinbestean argazki kamera ateratzea eskatzen duena. 

Behin Kantabriako lurretan sartuta, Valderredibleko haranean, Ebro ibaia apur bat lasaiago ibil daiteke alde batera eta bestera kiribiltzen haitzekin aldiro borrokan ibili gabe. Bi herritatik batek ‘de Ebro’ du izenaren amaiera, Villaescusa de Ebro, Arenillas de Ebro, Campo de Ebro, besteak beste. Hortaz, ondo noala ziur egon naiteke, nahiz eta galdetu ahal izateko inor ez topatu kalean. Bat-batean ibaia bere ekialde-mendebalde norabideaz aspertu eta iparrera jo du. Ibaia eta errepidea banandu egiten dira. Urak bere zokotik jarraitzen duen bitartean, asfaltoa gora eta behera hasten da hariztiz, pagadiz eta urritzez estalitako paisaia batean.

Azken txanparen kutsuan sartuta Ebrok bere azken (lehena, berez) zabalgune handia sortzen du Ebroko urtegian. Bere hegoaldeko ertzean zehar ibiliz Reinosara sartu naiz, aspaldian ikusi dudan herririk handienera. Orain arteko bake eta bakardadearen ostean, megalopoli bat iruditu zait Reinosa, eta bere siderurgia industria.

Alboetara begiratu gabe gurutzatu dut ibaiaren iturburua gertu dagoela jakinda. Bost kilometrotara, kartelak, seinaleak, jatetxeak, aparkalekuak eta putzu bat. Hemen dago Ebroren iturburua, sorrera, jaiotza. Edo ez. Gorago dela diote. Tristura sartu zait.

Hau al da bila nenbilena? Ebro jaitsi genuenean, deltara iritsi eta itsasora iristean, orduan bai, iritsi ginela sentitu genuen. Baina orain? Spek eta Burtonetaz gogoratu naiz, eta autobus geltokiko hormako mapa bat aztertzen jarri naiz, euren moduan hurrengo esplorazioa zein izan daitekeen amesten.